Pirandelloren eta Garbiñe Ubedaren arteko eztabaida

Faustoren itzala narrazio luzea aurkeztu nuenean, Ur Apalategi argitaldariak “eleberria” zela esan zuen, eta nik, harriturik, zergatik esaten ote zuen hori galdetu nionean ihardetsi zidan: “Eleberrigintzan hau bezalako testuak ere kabitzen direlako”… Liburu horren gaztelerazko itzulpenerako Alfonso Sastrek egin zuen hitzaurrean honela zioen, ordea: “Hitzaurre gisa: saiakera bat den eleberria. Liburuaren zati batzuk literatura esperientzia “transgeneriko” horiei irakurriz, beste batzuetan nik saiakela bezala definitu dudana dela irakurgai duguna esan dezakegu. Horrela izan ziren nire zenbait liburu, hala, Lumpen, marjinación y jerigonza —saiakera horretan autorea desagertu egiten da, eta ez dakigu bere buruaz beste egin ote duen— edo Limbus, non irakasle bati erantzun akademikoa ematen zaion baina fikziozko arlotik. Narratiba hauen bidez eraikitzen da fikziozkoa denaren enigma, eta istorio batzuk iristen zaizkigu historiara.”

Beraz, Faustoren itzala argitaratu nuelarik, Ur Apalategik eleberria zela esan zidan; horren itzulpenerako Alfonso Sastrek idatzitako hitzaurrean “saiakela” zela zioen; Gernikako Ga-leusca izan zenean, berriz, Tere Irastortzak entsegugile gisa aurkeztu ninduen… batek daki ze-nolako idazlea naizen, zer den idazten dudana, nik ez behintzat.

Adostutako Tenorean” liburua aurkeztu genuenean Garbiñe Ubeda lagunak nire idazkia “Autobiografikoa” zela bota zuen, honatx:

Maite ditut autobiografiak, ikaragarri estimulanteak zaizkit eta estimu handian ditut, nahiz eta ez zaien garrantzi edo prestigio apartekorik aitortzen. Ez da izango maila literariorik ez dutelako. Izango da agian, pertsonaia ospetsuek, tartean politikari edo rock izar estridente askok, baliatu izan dutelako beren abusuak eta gehiegikeriak estilo nobeleskoan zuritzeko. Batek daki.

Gehien astindu nauen autobiografietako bat, gustuen irakurri dudana, Viv Albertinerena izan da, jantziak, musiko mutilak, (clothes, music, boys). Ezaguna egiten ez zaienentzat, Viv Albertine punk mugimenduko protagonistarik esanguratsuenetako bat izan zen, The Slits taldeko gitarra-jolea, The Clash edo Sex Pistols taldeekin bateratsu sortua, nahiz eta besteen osperik edo transzendentziarik ez zuten lortu, Euskal Herrian behintzat.

Horixe da, hain justu, Viv Albertineren autobiografiaren ekarpenik handiena, nire ustez: protagonista den aldetik, baina espero ez den ikuspegitik, punkari eta punk mugimenduko izenik esanguratsuenei ematen dien errepasoa, zentzu guztietan. Berorien bidez, 1977ko hartako gizarteari erradiografia gordina egiten dio, orduko Londres hiriari erretratu oso markatua, eskola, klase diferentzia, okupak, krisiak, musika, apurketa…

Bera punkia, eta noski, ezin punkiagoa da bere liburuaren hasiera edo atarikoa ere: «Autobiografia idazten duena ergela da edo sosik gabe dago. Niri bietatik gertatzen zait, baina horretara jarri nintzenean, nire artean barrez aritu nintzen behin baino gehiagotan, eta hainbat jarraibide edo pauta errepikatzen zirela jabetu nintzenean, oharkabean pasatako gauza asko konprenitu nituen».

Fito Rodriguezen liburuak, bistan dena, ez du zerikusi handirik Viv Albertinerenarekin. Harena biluzte erabatekoa da, eta Fitorena batez ere intelektuala. Baina hark bezala, bere intereseko arloetan ezagunak izan direnen bizipenak edota aipuak harilkatuz taxutzen du bere pentsamoldea, besteen bidez eramaten gaitu berera, askotan, batere espero ez den ikuspegitik.

Eta Fito Rodriguez ez da punkia, baina antz handia duen aitortza dakar berak ere, atarikoan: «Liburu asko idatzi ditut, gehiegi nire ustez, baina esan bezala, niretzat idaztea gogoeta bidea denez, idazten jarraitu behar dut».

Batek, beraz, oharkabean pasa diren gauzak ulertzeko, besteak hausnarketarako. Aitortuko diot Fitori, beste horrenbeste eman didala liburu honek niri: erretratu iluna eta gogoetarako bidea, edo gogoetarako bideak, pluralean. Ez-erosotu egin nau. Zenbaitetan nahi ez nuen tokitatik eraman nau, niretik gehiegi mugitu behar izan gabe. Eta hori, gaur egun, meritu handia da.

Nik, ordea, Idazleak ere bere egilea behar duela uste dut, horregatik idatzi dut “Adostutako tenorean” liburua, Luigi Pirandellok egin zuen bezala, idazlea, kasu honetan neroni alegia, pertsonaia bihurtzeko, objektibazio prozesuan sartzeko hori buruz idatzi ahal izateko zeren eta, ekinbide horretan agertu ohi da idazle horren idazlanen atzean oharkabean pasa dena (testuak nahiz testuinguruak) baita direnak eta ez direnak argitara azaldu.

Autobiografia edo testu dramatikoa?, nik neronek nire buruarekiko elkarrizketak idatziz edota, besterik gabe, nire burua zuritzeko ariketa testuala?

Pirandello edo Garbiñe Ubeda?

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.