ARAKISTAINEN BIDEA

ARAKISTAINEN BIDEA

2008-2009 gabonak 033

Goitik behera biluzik, horixe izan zen Luisen alabaren norabidea Londresen. Herioak deituta hartutako bidea. Nahita. Desamodioak erakutsitako norantza. Elipsik gabeko akaberako airezko errepidera bide eliptikoa. Jobide hautatua.

Horrekin ezin izan zuen, halere, jazarpena gerarazi eta epai batek ebatsi zuen: hiltzea debekatua da, norberaren buruaz beste egin arren hura ere delitua izaten da. Eta larrugorritan, gainera…

Justiziarentzat inor ez baita bere biziaren jabe eta poesiak ebazpena hartu behar zuen justizia iheslarien justizia poetikoari aukera eman ahal izateko.

Luis Arakistain espainiar Errepublikako enbaxadore izan zen Alemanian nazismoa sortzen ari zela eta frankisten aurkako gerran antifaxistak hornitzeko armak erosten aritu zen Frantzian diplomatiko zelarik. Ezkerreko politikaria eta idazlea. Saiakerak, eleberriak eta antzezteko fartsak izkiriatu zituen eta, idazteagatik, 1931ko Errepublikako Konstituzioa ere izkiriatzen lagundu zuen. Britainia Handian, erbeste txikian, suizidatu zen gazte bere alaba Sonia.

Luis, berriz, hil arteko atzerri handian, Genevan hilotza zen, legez, abuztu bero batean, deserrian, batere justiziarik eta poesiarik gabe.

Kairoko kristau kopto baten semeak, olerki batez, Soniari eman zion, ordea, poesiaren aurkako desterruko justiziak eman nahi ez zion lurra. Georges Henein izena zuen.

Indusketa egin ezazue

eta irribarrea aurkituko duzue,

bizitzaz sinesten dutenentzako

hileta irria.

Indusketa egin ezazue

eta hautsa bihotzeraino iritsiko zaizue

bihotza hauts geldoetan geratuko zarete

alfer maitasunean

eta errefusapenaren bidegurutzean geldirik

Indusketa egin ezazue

eta zerua aurkituko duzue
agian zerua aurkitzera iritsiko zarete
edo animalien sakabanaketa, beharbada,
edota euriaren jakintza beldurtia.


Indusketa egin ezazue

emakume horrek bere erorketaren abanikoa ireki dezan
behin betiko espazioaren axolagabekeriari zapla diezaion
txikitutako bere aurpegi ederraz

lurrarekin ezkon dadin

Indusketa egin ezazue

eta munduko begirik bakarrenak aurkituko dituzue

eta etorbideko zola izoztuan

berehalako leiho bezalako atzerritarra

begi haietan indusketa egin ezazue2008-2009 gabonak 033

gure gauean zuen izena indus ezazue

guretzat egin ezazue indusketa

(Hegoaldeko Kaierrak-1946)

Marxistaren alabak anarkismoa maite zuen eta A.S.Neillen liburuak ilustratu zituen. Summerhiill sortu zuenak Soniaren sorkuntza maite zuen. Izan ere, idazlearen alaba marrazkilaria zen. Irudiak lantzen zituen, ez hitzak. Eta errealitatearen azpian zegoena irudikatu nahi izan zuen. Buruz behera bota zen, larru bizian, heriotza bila. Ez omen zela maitatua izaten, irudiz, eta askatasunaz abiatu zen azken bidaia poetikora. Bere itzala besarkatu arte. Adorea behar zuen eta, adorez, burutu zuen bidaia. Azkena.

Baina, dena galdu zuen neskatilak zergatik hautatu zuen bide hura? Amorantea galtzea izan ote zen biziari agur esateko bultza zuen azken tanta? Eta aurreko urak? Faxisten aurka gerra galtzeak? Bizitokiz aldatu behar izateak?…bizitzaren patuari aurre egin zion eta bizi aukera ezberdinak bilatzen segitu zuen behar bezala maitatua ez zela sentitu arte. Eta horretan, lehen bezalako atakatan, kuraia erakutsi zuen jobidearen hautuan.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.