Argumentorik gabeko literatura argumentala

Badira urteak Claude Mauriac literatur kritikari frantziarrak bere “ Aliteratura Garaikidea” argitaratu zuela1. Liburu horretan Samuel Beckett, Georges Bataille, E. M. Cioran, Jorge Luis Borges, Roland Barthes, Claude Simon, Natalie Sarraute eta beste askoren emaitza literarioak aztertuz, haiena guztiena “ aliteratura” zela zioen. “Amorala” denaren formulazioa aintzakotzat harturik, aliteratura horrekin literaturari zerbait falta zaiola adierazi beharrean, literaturak berarekin batera daraman ahala askatu nahi zuen, irakurterraza izango ez zena baina, halaber, gogoetari ekiteko gai izango zen literatura mota definitzeko, idazketaren bidez ezer berezirik kontatzerik ez zeukana baina bihotza eta burua asaldatzeko gauza zena. Ildo bertsuan aurki daitezke Milan Kunderaren testuak, Ivan Klímarenak, Aharon Appelfeldenak, Gilles Deleuzenak, Jacques Derridarenak Walter Benjaminenak, Hannah Arendtenak, Rafael Sanchez Ferlosiorenak, Jose Bergaminenak, Eugenio d`Orsenak, Virginia Wolfenak edota, gurean, Jean Etxeparerenak, Etienne Salaberryrenak, Joxe Azurmendirenak…, zeren eta kontatzen denaren azpiko gaiak begi-bistan uzten baitituzte haiei buruz ez‑ohiko juzguak plazaratzeko.

Idazketaren bidez plazaratzen den pentsamendua da haien guztien emaria nahiz eta, honako izen ospetsuen zerrendaren atzean, ohiko irakurleen gustuak aseko dituen norbait aurkitzea zalantzagarri izan. Baina, “aliteraturaren”, saiakeraren, ildokoak izan daitezke Umberto Eco, Vladimir Nabokov, André Gide, Román Gubern, Joan Fuster, Enrique Vila-Matas, Joseba Sarrionaindia, Andu Lertxundi, Harkaitz Cano, Markos Zapiain edo Tere Irastortza…, euskal ohiko irakurleen interesetatik askoz gertuagoko idazleak, agian.

1 Mauriac, C. (1969), L´Alittérature contemporaine. Albin Michel.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.