Estilo literarioaz

Zenbait idazketatan ongiaren eta gaizkiaren arteko desberdintasuna ez da hain argia, baina, hura kontraesana!, norberaren gustuko idazleen artean bereizketa garbia da oso. Egia da estetika ezin dela argudiatu, baina argumentu edo gai batek begi bistan jar dezake idazle on bat. Estiloak ere bideratzen du irakurketa jakin bat gustukoa izan ala ez.
Eta, halaber, gustu onak nola ikas, edo, zehatzago oraindik, nola irakats daitezke? Idazketak zenbat du sentimenduetatik jasoa eta zenbat, berriz, arrazoiaren bidetik eskuratua? Ezin jakin, bere gordinean, baina, norbaiti nobela beltzak gustatzen bazaizkio etikoki edo estetikoki onak direnik esaterik ba al dago?
Jakin, badakigu, gauzak ez ditugula jotzen gustuz ederrak edo onak direlako, alderantziz baizik. Hau da, gustagarritzat hartzen ditugun neurrian bihurtzen ditugula polit. Etikan eta estetikan.
Beraz, bizitzan gustatzen zaigunaren irudikapena da estetika. Ez dugu, bada, jakintzaren arlo soltea, etikarekin batera doan jarrera baizik. Nolabait adierazia, ona denak ederra behar du. Baina, alderantziz ere esan genezakeen: bikaintasunak ez duela zerikusirik moralarekin; aitzitik, inor gustagarria izan daiteke eta, era berean, gaiztoa izan oso.
Honela, etika eta estetika gauza bera ez baldin badira, ezaguera bat baino gehiago ditugu erakusgai eta adimen mota asko legoke. Hau da, hizkuntzaren trebezia duenak ez du matematiketan zertan eduki; gorputzez eta izaeraz kementsuena dena ez da, derrigor, espazioa antolatzeko gai izango; eta musikarako dohaintsua dena, berez, ez da izango, agian, bizitza kudeatzeko gauza. Eta, lehenengora itzuliz, zer irakatsi behar da adimen horiek lantzeko?
Prousten hezibide literarioa: Ezaguera horiek guztiak irakatsi ezin baldin badira, erakustea bidezkoa litzateke beharbada. Zeren eta ez dago ezaguera denak ezagutaraziko dituen irakaslerik, erakasle bihurtu gabe.
Alde batetik, bizitzan garrantzia duen guztia norberak ikasi behar duelako, eta bestetik, norbere eta besteen onerako irakasten denean, besteari ebatsi egiten zaiolako ikasi ahal izateko aukera.
Baina, aldiz, ez da zilegi esatea ezer ez dela irakatsi behar. Besteak beste, hori ere ez baita posible, bizitzan ezin delako bizi ezer ikasi gabe. Areago, gehienetan, konturatu gabe ikasten ari gara, etengabe.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.