giza eskubideak

GIZA ESKUBIDEAK Gizarte eta Hezkuntza Politikak

Giza Eskubideen iturburuaren bila baldin bagenbiltza, gaurko Iran eta Irakera jo beharko genuke, esklabutzaren lehen abolizioa Estatu horien arteko lurraldean gertatu zelako. Izan ere, 2500 urte goizago, Ziro Handia Persiako lehen erregeak Babiloniako esklaboak aske utzi zituen, gizarte harremanen bilakaeran zedarri ukaezina xedatuz. Bere agintzapean, nork bere gustuko erlijioa hautatu ahal zuen eta, gainera, arraza-bereizkeria baztertu egin zuten. Eskubide hauek eta beste askok osatzen duten legatua akadieraz eta idazketa kuneiformez iritsi da guganaino.Bestalde, garai hartara joanez gero, begi bistakoa da Ziro enperadore despota ere bazela eta demokrazia (orduko greziarren gobernu modua) erabat baztertzen zuela. Edozein kasuan ere, ezin dira ulertu politika, gobernu, demokrazia edota giza eskubideen kontzeptuak historiatik at, ez eta beren barne historiaz kanpo. Liburu honetan haietaz guztiaz hitz egingo dugu bere ardatzetan kokaturik betiere eta, bide batez, azaltzen ditugun hitzak nahiz iritziak eztabaidatzeko aukera ematen saiatuko gara.