Zorionez, beste ikuspegi bat dakarkigu Fito Rodriguezek liburu honetan. Magritteren margolanek logika hertsien eta murritzaileen legeak apurtzen dituzte maiz, munduaren muina ulertzeko beste logika bat badagoela iradokiz eta erakutsiz. Fitoren… Gehiago irakurri

Jeu de Paume (2005, Txalaparta)

Zorionez, beste ikuspegi bat dakarkigu Fito Rodriguezek liburu honetan. Magritteren margolanek logika hertsien eta murritzaileen legeak apurtzen dituzte maiz, munduaren muina ulertzeko beste logika bat badagoela iradokiz eta erakutsiz. Fitoren gogoetak eta berau egituratzeko era bide bertsutik doaz. Arruntenak eta materialenak diruditen gauzak sinbolismoz beterik ageri zaizkigu, liburuan bezala gure eguneroko errealitatean ere.

Areago, gauzen (eta zer esanik ez, pertsonen eta gertaeren) materialtasuna bera, objektuena eta berauen irudiena, sinbolismoak barne-zeharkaturik dago alderik alde; sinbolismoak eta beronen oinarri eta adierazpide diren balioak ere barneraturik eta zeharkaturik, hain zuzen.

Magrittek modu eder eta bortitzean erakusten diguna, eguneroko errealitatean ikus dezakegu, arreta apur bat jarriz gero. Izan ere, gauza oro gure (eta maizegi besteen) sinbolo eta balioen prismatik begiratzen ditugu, horretaz gehienetan jabetzen ez garen arren. Fisikoek eta materialistek ere bai, jakina. Gauzak, objekturik trinkoenak barne, ez dira, gizakiontzat, energia hutsa soil-soilik, egitura, funtzio eta esanahia ere bai baitira, Cassirer, Zubiri, Ricoeur, Cencillok eta besteek aspaldi erakutsi zuten bezala, Freud ahantzi gabe.

Gizon-emakumeok ere lau dimentsio horiez, besteak beste, osatuak gara. Izaki sinbolizatzaile eta desiratzaileak gara ororen gainetik, bestalde. Ez gara, beraz, materia edo energía hutsa. Zorionez!

Fito Rodriguezek liburu honekin trebeki plazaratu duen gogoeta bide berriztatzaile hau izanen ahal da gutako bakoitza geure buruarekin eta besteekin jostatzeko gomita, Jeu de Paume hauxe, bada, Konkordia bila abiatzeko akuilu! ( Jose Luis Alvarez Santa Cristina)