Kemena

Kemena

kroazia 2013 153

Norabide aldaketak hil den bizira garamatza

Izate bitxiek edari gardenen inguruan

lainoen itxurako ezinezko zeinuak egiten dituzte

barre egiten dut

nire zauria ez erakusteko

Gaizki nago, odol tanta bat zilarrezko azkon batean bezala

Barre egitea izugarria da. 

 

Urdin bezain zikin jaiki den gizakia

egun osoa egingo du dantzan

jaungoikoaren pare 

Eguzkiak sorturiko hautsak harrotu ditu

Bizitzea beharrezkoa baita

amodioaz

desiraz

 

Garbi gaude

Aberastasun handia ez da tenteltasuna literarioa

Nik adiskide ezezagunak agurtzen ditut

Nire oroitzapen egun lasaian

 

Isiltasunaren itsaontziak nire bihotza zeharkatzen du

Pardisuraino iristen den sokaz egindako eraikuntza

Dena amaitu da

gizaki burutsuen suizidioraino

Tintazko malkoak

gauza guztien

Desira

(Begirada poetikoa-1924)

 

Adoreaz idatzi zuen Jacques Baronek bere hasierako bertsoetan. Adorea behar izan zuen surrealimorekin bat egiteko baita harrekin apurtzeko ere. Begirada kementsua aldarrikatu zuen gauzen salneurria eta balioa ezagutu eta bereizi ahal izateko. Moralgabekeriaz harago, gogoetarako testuen eta bizipenen dastatzailea izanik, dadaismotik Andre Bretonen altzora igaro zuen eta, harekiko hausturaren ondoren, Georges Bataillen magalagana jo zuen neurri zehatzaren bila. Odol bero izan gabe kuraia lasaia maite zuen idazkera zen berea.

Zarrastelkeriaren gorazarrean idatzitako poesia. Batek daki keria ala tasuna izango ote  den, norberak jarri beharko luke hitzaren bukaera idazterakoan ohiko hizkuntzari utzi ordez. Hor ere hautua baitago, funtsik gabeko etxekalte xahutzaileari gaitzesterakoan, Zergatik? Zarrastelkeriari aurre egiteko legeak eta debekuak sortu zituelako gizarteak eta, baten batek bere gauzak xahutzeko zaletasuna eduki badezake ere hori ez da, berez, txarra. Jaidurak edo grinak baitira gizarteak elkarbizitzarako menperatu nahi dituen joerak. Kontrolagaitz bezain arriskugarriak izan daitezkeen irrikak, bi funtsean, maitatzeko hisia eta hiltzeko garra. Eros-a eta Tanatos-a.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.