Zorroagako Fakultateko memoria asko daude, batzuek idatzita eta guzti[1], baina istoriok istorio, Zorroaga izan zen ahaleginaren historia idazteke dago eta, jakina, egingo den horretan, Sebastopoleko Tiriteroak eta, bereziki, zendu berri den Antton Etxeberria adiskidea azalduko dira ezinbestean.
Aspaldidanik bota zuten Amara Zaharreko baserriaren izena zen Sebastopol eta Tiriteroek bereganatu zuten Donostia zahar baten oroitzapena berrasmatzen ari zen Donostia berriari eskaintzeko, eta han zegoen Antton.
Zorroagako erreferentzia fisikoa eta sinbolikoa aski erabilia izan da hedabideetan baina, gehienetan, Filosofia fakultatea soilik aipatuz. Euskal Nanterre ote zen edo Donostiako Sorbona zela zioten Fernando Savaterren, Victor Gomez Pinen edo Javier Echeverriaren presentziagatik. Baina orduko Zorroagan, haiekin batera, unibertso oso bat elkartu zen han, Antton tartean.
Lehenengo dekano R.Valls izan zen eta ondoren Javier Echeverría, gero Víctor Gómez-Pin, idazkaria Marisol de Mora izan zen; alegia, de facto bai ordezkaritza kanpora begira eta bai aginte-makila barrura begira, Filosofiaren esku egon zen. Beraz, erakutsitako eta sortutako eredua gehien batean Filosofiak markatu zuen. Filosofiak markatutako eredua ez zegoen proiektu baten inguruan Euskal Herriko Unibertsitateak eraikia, baizik eta deituriko Trantsizioan sortutako Estatu ereduaren arabera zeuden baliabideen berrantolaketa besterik ez zen izan. Ondorioz, ez zen benetan glotopolitika finko bat eraman. Planteamendu bi izan ziren garai hartan: alde batetik, batzuok pentsatzen genuen, euskal lerroak bere bizitza izan behar zuela eta Euskal Unibertsitatea sortzeko bidean lana egin behar genuela eta hori, gainera, posiblea zela. Beste batzuek pentsatzen zuten Unibertsitateak, berez, elebiduna behar zuela izan, baina elebitasun horrek estali egiten zuena egoera diglosikoa besterik ez zen, betiereko gaztelaniaren menpeko unibertsitatea. Hori zela eta, garai hartan debate oso interesgarriak izan genituen eta baita ere unibertsitatearen beharraz eta ikasketen antolaketaz. Eta horietan guztietan Antton egon zen.
Filosofian, gainerakoekin konparatuta, ez zegoen euskararako toki handirik. Pedagogiarekin alderatuta, atzeratuagoa ibili zela dudarik ez dago, baita Psikologiarekin, zeina, hasieran behintzat, atzerago ere ibili zen.
Halere, gaur egungo UPV/EHUko errektore anderea, euskaraduna berau, Psikologiako ikasle izan zen gari hartan eta euskaraz ikasterik izan badu, besteak beste, Antton bezalako pertsonen ahaleginei esker izan da.
Antton Zorroagan egon zelako eta, guregan, egoten jarraituko baita hona hemen lerro hauek bere oroimenean.
[1] Rodriguez, Fito & Gonzalez, Angel (2017) Delta.