Espainian asko ari da hitz egiten azken bolada honetan “PIN parentala”ri buruz. Murtziako arazoa, nonbait. Baina, alta, agenda politikoa inposatu behar ez diguten hein berean, hezkuntza debatea ere ez da kanpotik etorri behar. Aitzitik, kultura arloan bereziki hemen eta orain gure kezkak eta eztabaidak gureak dira eta ez beste inorenak. Beraz, hezkuntza arloari buruz mintzatzerakoan gure kulturaz eta hizkuntzaz hitz egin dezagun. Izan ere, eskolaren eginkizun nagusia izaten baita bertako herritarrei euskal kulturaren eta euskararen etorkizuna eskaini ahal izatea. Horrekin batera, ardura osoa du gure hezkuntza sisteman dauden etorkin guztien formazioa ziurtatzea. Haur eta gaztetxo hauen nortasuna eta potentzial guztiak lantzeko eginbeharra hartzen du euskal eskolak. Izan hemengo edo kanpoko, horretan diferentziarik egin gabe.
Kulturen arteko berezko egoera mestizaia dela baieztatzerik badago ere (nekez uler baitaiteke barne gatazkarik gabeko kulturarik edota inolako harremanik ez duen gizarterik) nazio txiki garenok ongi dakigu kultur ukipen egoeratan ahulena dela, mestizaia medio, desagertu ohi dena. Horretxegatik gai honetan, beste askotan bezala, geure baitatik pentsatzen hasteko premia badago geuroni gertatzen zaiguna behar bezala ulertu ahal izateko.
Horrela, gizarte desberdinetan kultura-aniztasuna, plurikulturatasuna eta kulturartekotasuna egoerak egon daitezkeela argitzea komeni da.
1-Kultur-aniztasunarekin egoera jakin baten berri ematen dugu, non, kultura bat baino gehiago antzeman dakiokeen espazio jakin bati. Kontzeptu deskriptiboa litzateke bakarrik.
2-Plurikulturatasunak, berriz, onartu egiten ditu gizartean azaltzen diren kultura guztiak maila bertsuan. Honen arabera, bertakoek nahiz etorkinek mota guztietako herritartasunari dagozkion eskubide berdinak edukiko lituzkete. Kontzeptu arautzailea dugu.
3-Kulturartekotasunaren bidez, kulturen bidezko elkarren arteko eragina areagotuko litzateke puzzle baten antzera kultur bakar polifazetikoa eraikiaz.
Kulturartekotasunaren hirugarren kontzepzio sintetiko hau praktikara eraman daiteke etnozentrismoaren bidez, ikuspegi identitarioaren arabera edo modu komunikatibo/erlatibistak bultzaturik.
Kulturartekotasuna etnozentrismo gisa ulertzen denean asimilazio kulturala gertatzen da. Norberaren kultura bakarrik gordeaz, kanpotik datorren guztia bertakotu egiten da besteak dakarren ondare kulturala ezabatuaz. Espainia zein Frantziaren kasuak dira.
Kulturartekotasuna ikuspegi identitario batekin konbinatzen denean, kultura guztiek nonahi garatzeko duten eskubidea aldarrikatuz, sortzen diren mestizaiak hasieratik helburu gisa planteatzen dira.
Kulturartekotasuna ikuspegi komunikatibo/erlatibista batekin lantzen denean, testuinguruari garrantzi berezirik eskaini gabe, kultura denek duten eskubideekin batera tradizionalismo estatiko eta hertsiari bidea ematen zaio.
Aipaturiko hiru kontzepzio orokorrak eta hiru erantzun posibleak nahastuz aukera ezberdinak begi bistan geratzen zaizkigu:
3.1. Kulturartekotasuna etnozentrismoarekin, esan bezala, kanpokoaren asimilazioa.
3.2. Kulturartekotasuna ikuspegi identitarioarekin, hizkuntza gutxituaren, kultura mendekoaren defentsa.
3.3. Kulturartekotasuna ikuspegi komunikatibo batekin: mestizaia, gizarte krioloa.
3.4. Kulturartekotasuna ikuspegi erlatibista batekin elkartzen denean, gizarte aldakor baten emaitza sortzen da.
Eskema honen aurrean, halere, gogoratu beharra dago mestizaiak edota kriolizazioak ez direla kultur-harreman berdintsuen arteko ondorioak, kultura indartsuenak inposatutako eredu baten emaitza zuzena baizik. Horregatik, eta azalkerietatik urrun, gurea bezalako kultura batek adi ibili beharko du erlatibismo liberaletatik datozkion sirena doinu guztiekin.
Kultura guztietan elkarren arteko eraginak badaude ere, subordinazioan bizi diren kulturen aldarrikapenek gizarte hegemonikoaren botereari zuzen jotzen dion neurrian, kultura identitatearen aldeko borrokak gizarte zuzenagoa eraikitzen laguntzen duelakoan gaude. Baita hizkuntza eta kultura gutxituaren defentsa egiteko orduan ere (3.2). Norberaren kultura eta gizartea eraldatuz eta gainerakoengan zapalketaren aurkako jarrerak ere hedatuz, heziketan eta herrigintzan kulturaren hazia lau haizetara zabalduz.