“Eskola Publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa” liburuaz idatzitako iruzkin asko iraingarriak izan ziren besterik gabe. Haietariko batek, ordea, Gonzalo Larruzeak idatzitakoa, gure liburuaren izenburua probokatzailea dela onartu du eta, zerbait kritikatzerakoan, gure pentsamendua aski “erromantikoa” dela utzi du idatzita.
Ez dut uste, aldiz, inor kalifikatzeko pentsamendu ildoak erreferentziatzat hartzeak gaitzesgarria izan behar duenik, berez. Aitzitik, norbait zinikoa dela esaten denean Antistenesen edo Diogenesen jarraitzailea dela uste dut eta, nola ez, interesgarria iruditu ohi zait beti. Dena dena, aipatu erreferentziak ez ohi dira erabiltzen bere zentzu hertsian nolabaiteko ahalkeizun gisa baizik eta, horregatik hain zuzen, haien jatorrizko esanahira joateko beharra ikusten dut.
Erromantizismoak ekarri zuen tokian tokiko hizkuntzaren aldeko jarrera. Goethek, frantsesez ikasi arren, alemaneraz hasi zen idazten, adibidez eta, haiekin batera, sentimenduen heziketa baita modernitatea gauzatzen ere ahalbidetu zuen, estatuaren aldarrikapena eta guzti.
Eta estatua ari garelarik, argi dago Euskal Herrian bi eskola nazional baititugula: frantziarra (école nationale) baita espainiarra ere (escuela pública) eta gure euskal eskola publikoa eginkizun daukagula oraingoz. Horixe da nik diodana, eta ez besterik.
Zertara, orduan, erromantizismoaren aipua?. Baten batek guk idatzitako testua ez du ulertu edo ez du nahi guk zabaldu nahi dudan debatea behar bezala ulertuta eta hedatua izan dadin?.
Hegoaldean indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua, hezkuntza nazionalaren oinarria izanik, anabasa izugarria da publikoari eta pribatuari (Eliza Katolikoaren pribilegioak iraunarazteko) antzeko eskubideak aitortuz. Frantzian, ordea, ez da hori gertatzen 1905ko legetik hona zeinak laikotasunaren alde jo zuen argi eta garbi.
Frantziakoa nahiago, noski, baina, halere, hegoaldean behintzat, indarrean dagoena Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua da eta, bistan da, ez bata ezta bestea ere ez dira Euskal Herrirako eraiki behar dugun eskola publikoaren eredu.
Hori gauzatu bitartean, aldiz, lurralde desberdinak ditugu, baita hezkuntza eredu desberdinak ere, abiaburu gisa. Eta haietariko inor ez da egun Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa.
Diskriminazio kateak, zoritxarrez, bere horretan dirau: estatu espainolak eta frantsesak daukate bertako hezkuntzan, nahi duenean, esku hartzeko aukera eta hori ezin da ahaztu. Gobernu Autonomikoak konformatzen ari dira zerbait gestionatzearekin eskandalurik sortu gabe. Irakasleok ere ohitu gara egoera honetara eta zauriak ez gaiztotzearekin konformatzen gara. Alternatiba ez da erraza, baina derrigorrez pasa beharko du euskal hezkuntza berri baten diseinuaz, bere kurrikulum propioarekin, pedagogia hurbil eta gaurkotuarekin, gurasoekin konfiantza osoan, herrian eta inguruan ongi txertatua, irakaslego finkoa mantenduz eta hauen ofizioari errespetu handia eskainiz, eta guztia, munduari begira, gure ahalegin onena eskaintzeko herri gisa. Gure herri txiki honetatik zer egin dezakegu mundu ederrago bat posible izan dadin? Botere politiko nahikorik ez dugun bitartean helburu horretara hurbiltzen gaituen erabaki guztiak hartu behar dira norantza horretan. Gure liburua horretan datza.