Afganistan, besarka nazazu!

 

Aurreko mendearen bukaeran, Georges Bushek Afganistan inbaditzeko agindua eman aurretik, bidai luze bat burutu nuen Islamabadetik, Karakorum highway barna, Afganistango mugan. Bertan sumatutako jendea, jakina, herri aniztasun handiz osatua zen eta horri antzeman zitzaion hala erakutsitako janzkeraz nola hizkuntzen erabileraz ere. Hori dena jaso nahi izan nuen filmazio batean eta ezin ahantziko dut  mintzaira ezberdin haietan zein funtsezkoa zen ahozkotasuna eta, haren eraginez,  zer-nolako ahozko poesia indartsua erabili ohi zuten.

Handik hona, hemen eta orain, Landayen itzulpen batzuk eskaini nahi ditut. Tradizio afganiarraren forma poetikoak dira Landayak Pashtun kulturaren barruan. Laburtasunari begira eginda daude, bere gai nagusiak maitasuna, gerra, armak, atsekabea, pasioa edo galdutako lur mina izaten dira.

Landayak emakumeek kantatu ohi zituzten olerkiak dira, eta emakumeen ez ohiko irudia islatzea lortu dute min amankomuna sintetizatzeko duten gaitasunaren bidez. Landayk “suge pozoitsua” esan nahi du. Poema horiek abesteak errepresalia larriak ekarri ohi dituzte zabaldu dituztenen aurka. Hemen agertutako eta, bertsio librean, euskarara emandako testuak “Poetry” aldizkariaren 2013ko ekaineko artikulu batetik ekarriak dira.

 

Besarka nazazu zure suizida-txalekoaz jantzirik

 

baina ez esan musurik emango ez dizudanik.

 

 

Zure begiak ez dira begiak erleak direlarik.

 

Ezin dut aurkitu haien hozkarako sendabiderik.

 

 

Mendi muinoaren gailurrera igo eta behatzean

 

non nire maitearen karabana atsedenean

 

egongo baita gaur gauean.

 

 

Jainkoak ezpondetako lore bihurtzea

 

ura jasotzera zoazenean usaindu ahal izatea.

 

 

Tira, utz ditzagun herriko ergelak

 

eta ezkondu gaitezen Kabuleko gizonekin,

 

daramaten Bollywoodeko ile-mozketekin.

 

 

 

Lehendakaria naizela egiten dut amets.

 

Esnatzean, munduko behartsuena naizenez…

 

 

 

Bolbora beltzez edo odol gorriz niregana itzulera

 

baina ez itzuli osorik nire ohea hondatzera.

 

 

 

Zer izan liteke gerlari suharra baizik

 

Pasthun amarengandik esnerik

 

besterik hartu izan ez duenik

 

 

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.