Agur Xanti, azkenean Aingeru Guardara itzuli zara

 

 

Zaindaria eta zaintzailea,

antzekoak izan arren

ez dira gauza bera

 

Zain dagoena dugu

etxekoa eta etxea

gure lekukoa eta lekua

aingura gutartekoa

 

Etxea ez baita inorena

ez da nirea

gurea baizik

eta izena dauka

 

Behinola etxeak ez ziren zenbatzen

etxe bakarra zen norberarena bakoitzarena

eta ez zuen zenbakirik

izena baino ez

 

 

 

 

 

Etxeak bizitzeko eraikitzen zirelako

ez kanpotik begiraturik ederrak izateko

egun etxeak bizitzeko makinak besterik ez direlako

Le Corbusierek Dickenseki irabazi baitio

eta jadanik kilkerraren kantua eta jostailu apurtutako etxerik ez dago

 

Zoriontasunaren bila dabilen mundu honek etxea galdu du

eta galdutako guztien antzera

lekuaren bila dabil etxea nonbait badagoen jakinda

 

Baina etxe hori gure esperoan dagoen lekua da

itxaroten gaituzten tokia

eta izena dauka

hain geure gordekoa

 

Halere inoiz ez da luzea izaten gure etxera daraman bidea

eta hartaraino joan behar da sarri

sasiek aurrera egiten baitute ibili gabeko bidezidorrean

 

Izan ere zertarako balio du etxe batek

ez badago mundu bizigarri bat non kokatzerik?

 

 

 

Sorterrian edo atzerrian

jauntxokeria dagoen bitartean

nola izan dezakegu etxerik?

aberria gizaki askeon etxea baita

ez menpeko ilotarena

 

Sorterria gure esperoan dagoen lekua da

eta ezin da zenbatu izena baino ez baitu

 

Etxea ez baita nirea

gurea baizik

geure esperantza

esperoan arantza

 

Egun etxez etxe aldatuz bizi arren

norbera etxe batekoa izaten da

eta etxe horrek izena dauka

 

hain geure gordekoa

 

aingura gutartekoa

 

Aingeru Guardakoa

 

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.