VENTADORNGO BERNART

Okzitania (1147-1170)

Ventadornen lana (haren jatorri xumea besterik ezjakin arren, baita Akitaniako Leonorri poema bat eskaini ziola ere) Erdi Aroan ohikoa zen ideia bati buruzkoa da, zeina praktikatu baino maizago aldarrikatu egiten zen: poesiaren perfekzioa maitasunaren perfekzioaren eta agertzen den egiaren araberakoa dela, alegia. Bere garaiko beste trobadore batzuek, Bornelhgo  Giraut bezala, adibidez, beren artea formalki lantzean oinarritzen zuten ikuspegi erretorikoan. Bernartek, aldiz, estiloaren argitasunean oinarritutako kantua lantzen du, sentimenduaren adierazpenean oinarritua.

Hain zuzen, trobadore gehienen ohiko topiko eta prozedurek beti aurkitzen dute formulazio fresko bat, hain itxura naturalekoa, non Ventadornek azaldu nahi duen haragietan bizitako esperientzia-sentsazioa lortzen baitute: hura haren benetako errealitate biografiko izan ala ez, ahultasunak agertarazteak eta ahoskeraren erraztasunak, egiazkotasun-efektua sortzeaz gain, bere baitan hartzen duen zintzotasun guztia sortzen baitute.

Okzitaniar poesia europar poesia modernoaren oinarria da, herri-erritmoak eta tokian tokiko hizkuntzaren garapena bateratzen ditu.

 

 

“Denbora joan eta etorri denean,

egun, hilabete eta urtetan,

eta nik, ai, ez dakit zer esan:

beti ez da berdina nire aldartean.

Beti da berdina, beti berdin, berez,

nahi dudana ez baitut maite

eta ez dudana nahi dut maite.

Berak ez du barrea galtzen,

eta niri dolua eta samina etortzen,

dadoen erdiak dituen partida batera noa

iruditzen zaidalako maitasun galdua

bitan banaturik bakerik aurkitzen ez duena.

Ondo madarikatu nuen, arrazoiez, neure burua,

jaiotzeke dagoen ezeren truk zerbitzatu zuena

eta berak indarrez ematen ez badu pena,

eromen bikoiztua izango dut azkena

(«eman iezaiozu zoroari: ikasiko du lema»).

Ez dut kantiga gehiago abestuko,

ezta Eblonek abestiak irakatsiko

nire errimek ez didate balioko,

ez eta nire koplak kantatzeko,

ez baitira nireak ezertarako

ez baitute ezer esango

ez eta ezer probestuko,

ez dut ikusten gehiago

zer izatera joango.

Itxuraren gozamena eta bihotz ditut larriturik.

Nork ikusi du inoiz bekatu aurretik penitentziarik?

Zenbat eta gehiago eskatu, orduan eta neke gehiagorik:

laster ez badu konponbiderik,

ihes egin beharko dut ezinbesterik.

Baina ona da bere erabateko askatasunak menpera nazala,

ezen maltzurra bada ere, aurrera egin beharko duela;

hara iristeko hori baita Biblian irakurtzen dela

egun batek beste ehunen balio duela.”

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.