Idazle berriak

 

 

Iragan mendeko erdialdean jar genezake euskal idazleak elkartzeko aurreneko ahalegin serioak. Bidegoiango Usarragan bildu zen 1955eko azaroaren 27an idazle  taldetxo bat – Imanol Laspiur, Paulino Larañaga, Bittor Kapanaga, Andoni Kaiero eta Alfontso Irigoien. Bileran esku artean izandako gaien gain jasotako aktan irakur daiteke: “Euskal literatura bide berrietatik barrena asia dugu alderdi onetako Euskalerrian. Sortu da, nolabait, euskal mogimendu bat, oraindik eztuen arren bear lukean edadura ta eritziak bat ez etorri zearo. Iritzi bereizitasuna leengoa dugu eta orduko pertsona bakoitzak bere bizi osorako darama bide ori, ilobiraiño. Gazteago direnen artean beste bide bat, zabalagoa, naturalagoa dator sortzen… Onegatik gazteak zentzun argiagoa edukiteko egokera obean daude realismuari buruz, idealismua dutela gidari”  Izenpetu ez arren, badirudi akta Irigoienek egina dela. Idazkiaren beste lerroalde batean honela jartzen du aktaren egileak: “Amarderdietan entzun genuen meza Usarragan bertan. Erri euskalduna dugu oraindik. Apaizak meza erdian bota zuen bere sermoia errosarioari buruz ta onen ugaritzeari ta leengo oiturari eutsiteari nola indar eman bear zaion… Eguraldi ona zegoen ezkero eguzkitara joan giñen kanpoko zoko batera, bakartadera, lasaiago mintzatu aal izateko, ta asi genuen berriketa, obeto esan segitu genuen treneko ta bideko solasa, zuzenago artuz gaia”

 

Bilera hartan mami gehien hartu zuen gaia, Donostiako Julio de Urquijo Mintegiaren babesean eta Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean euskaltzale talde batek lanean hasteko hitza eman zuela, asteroko bilerak antolatuz, izan zen. Euskal Atlas Linguistikoa eta Azkueren Hiztegi Osotua ziren mintegiko euskaltzale haien ardurarik  nagusienak.

 

Bi hilabete beranduago, 1956ko urtarrilaren 15ean, Eibarren bildu ziren Usarragan egondako batzuk, hitzordu berrira  idazle gehiago ere azaldu zirelarik: Imanol Laspiur, Jose Antonio Eizagirre, Paulino Larrañaga, Andoni Berrueta, Jose Luis Ugarteburu, Serafin Basauri, Andoni Totorika, Margarita Murgizu, Teresa Urrestarazu, Konta eta Felisa Basauri, Pablo García de Arteaga, Juan San Martin, Evaristo Martínez de Iturrate, Elena Etxebarria eta Alfontso Irigoien. Jose Luis Alvarez Enparanzak ezin etorria azaldu (erbestean zegoen-eta…) eta Alfontsori bidalitako eskutitz bat irakurri zen batzarrean.

 

Aktan jaso zen Txilardegiren idazkiak honela zioen: “… Idazle gazteren talde bat sortzeko betekizuna ederra zeritzaidak arras: orain arte zarrak bazirala-ta, ez diagu aurrerapen izpirik lortu gure gaztedian. Bearrezkoa dek, ordea, idazle berriak jaioaztea…. Errian bertan eta erriarekin artu-emanetan ikastea bide egokia diagu, noski. Ezinbestekoa, alaz ere, bestetango euskera alik ondoen ezagutzea, arrezkero galdu besterik ez bai-dik egin gure izkuntza maitagarri ta maitatu onek. Berrikeririk asko egin dek, geiegi noski, eta euskera biziaren iturburuetara jo bearra zegok, zerbait onurakor egin nai badiagu behintzat”  Aktan beste aipamen gutxi egiten dira Alvarez Enparanzarenetatik kanpo.

 

Garbi dago lehen bilera haietako idazleen kezkak euskararen inguruan ematen zirela gehien bat. Euskara normalizatu, herrikoi eta eraginkor baten aldeko apustua egiten ari ziren. Eta, oraingoz,  horretan segitzen dugulakoan nago.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.