.- Fito Rodriguez: “Asel Luzarragari gertatu zaiona kasu paradigmatikoa da, baina Toni Negrik Donostian salatu zuen jokaera perbertsoa –“Zoritxarrez Estatuak lortu du disidentzia guztia terrorismoarekin parekatu ahal izatea” –, aldatzen hasiko gara”
.- John Andueza: “Dokumental bat egiten ari gara Aselek Txilen bizitako ankerkeria eta ondorengo borroka luzea munduan kontatzeko. Gonbitea luzatu diegu hainbat idazle eta artistari bertan parte har dezaten. Ekoizpen sistema oso modernoa da: har dezala bakoitzak bere sakelako telefonoa, graba dezala Aselen kasuari buruzko hausnarketa, eta bidali dezala bideoa bideolari@gmail.com helbidera”
2020-02-28. Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Pen Klubak deituta, Asel Terrorista? Mesedez! kanpainaren berri eman dute Asel Luzarraga idazleak eta Fito Rodriguez idazle, EHUko irakasle eta EIEko lehendakari ohiak, prentsaurrekoan. Besteak beste, Asel Luzarragaren kasua zehatz-mehatz azaltzen duen webgunea, atxikipenak biltzen dituen ikus-entzunezkoa (John Andueza idazleak ondua), eta elkartasun-kutxa osatzeko datuak eman dituzte ezagutzera.
Asel Luzarraga 2009ko urte zahar egunean hartu zuten atxilo Txilen, eta hango fiskaltzatik zuzendutako muntaia lotsagabe baten ondorioz, armak edukitzea, terrorismoa laguntzea eta gazteei ideia okerrak erakutsi nahi izatea leporatu zioten. Ia urtebete atxilotuta eman ostean kanporatu egin zuten Txiletik eta bere izena Interpoleko zerrendan sartu zuten. Hau dena zergatik? Bere blogean maputxeen alde idazteagatik eta bere ideia anarkistengatik.
Hamar urte eta gero, Amerika Arteko Giza Eskubideen Batzordeak bere kasua aurrera eramateko zantzuak ikusi ditu eta tramitera onartu zaio Txileko estatuaren kontra ezarritako salaketa. Hain zuzen, horretara dator kanpaina. Elkartasuna erakusteaz batera, Aselen kasua epaitegira eraman ahal izateko dirua batzea da helburua. Izan ere, absoluzioa da prozedura judizial honek eman dezakeen ondorio onargarri bakarra.
Kanpainarako sortutako webgunea: www.asel.eus
Iritzi artikulua: ‘Egia Asel arazi’. https://www.naiz.eus/eu/blogs/kalendak/posts/egia-asel-arazi
Elkartasuna erakutsi dutenen artean: Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Gorka Urbizu, Fermin Muguruza, Unai Elorriaga, Jose Ignazio Ansorena, Garbiñe Ubeda, Yolanda Arrieta, Ana Galarraga, Miren Agur Meabe, Garazi Arrula, Castillo Suarez, Asier Serrano, Leire Bilbao, Aurelia Arkotxa, Urtzi Urrutikoetxea, Unai Iturriaga…