Machiavelli, duela urte batzuk Iparraldean filosofiako irakasle izatea suertatu zitzaidanean eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak dituen egitarau estuei muzin egin ezinik, Niccolo Machiavellik pentsamendu politikoari egindako ekarpenaz kasu egin behar izan nionean ezinbestean, ez zen alferrikako gauza izan alafede! Baina, dena den, ez genuen bere estilo literarioa landu. Izan ere, Machiavelliri esker politikaz hitz egin daiteke egun erabiltzen den zentzu hertsian zeren aldez aurretik, greziar zaharrak kasu, politika edozein gizarteri buruzko zereginarekin alderatzerik bazegoen ere, Erdi Aroan politika eta Elizatik agindurik zetorren portaera morala kasik sinonimotzat har zitezkeen. Firentzekoak bere idazlanak argitaratuz geroztik, ordea, politika modernoa hasi ohi da. Orain, literaturaren estiloaz aitzakia, hona hemen, Machiavelliren testuek eragindako gogoeta pare bat. Zorionez euskaldunok aspaldidanik irakurtzerik izan genuen Iñaki Azkunek egindako “Printzearen” itzulpenean estatu modernoetan «ezin direla borrokak irabazi mertzenarioak erabiliz». Machiavellik askatu zituen, beraz, politikaren eta etikaren arteko loturak nahiz Estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko intzestu harremanak. Beraz, handik hona, literaturaren hizkera ez da “politikoki zuzena” ezta boteren politikoen menpekoa eta, halaber, ezin dugu literatura “mertzenarioa” egin, alegia, funtzionaritzak, hezkuntzan bezala, ezin diola literaturaren zereginari baleko erantzunik eman. Georges Bataillek zioskun moduan, hizkuntza literarioak ez baitu “ezertarako balio” eta bere balio horretan baitatza. Beste ikaspen bat dakarkigu Machiavellik, edozein indar edukita ere, sinesgarritasunean datzala boterearen oinarria… baita literaturarena ere.