Gizarte kritika Heptameronen

Angulemako Margaritak idatzitako Heptameron testua, orduko Deccameronen modukoa dela uste dute gehienek, literatura lizuna bakarrik, alegia. Hala eta guztiz ere, batean zein bestean, bai Heptameronen baita Deccameronen ere, literatura guztian bezala, gizarte kritika asko egon badago. Hona hemen, adibide gisa, abadeen aurka, fantziskotarren kontra hain justu, bertan agertzen den pasarte zoragarrietako bat.

Batelari bat bortxatu nahi zuten frantziskotarrak

V. narrazioa

Batelari bati gertatutakoa, nola bi frantziskotarrek bortxatu nahi zuten baina hori denek jakin zezaten lortu zuen.

Bazen behin Coulongo portuan, Niortetik gertu, batelari bat, eguna eta gaua jendea itsasoa zeharkatzen igarotzen zuena. Egun batean, Niorteko bi frantziskotarrek ibaia gurutzatu zuten, biak bakarrik, eta, Frantziako zeharbidea denez, asperdura pasarazteko, biak batelaria enamoratu nahian hasi ziren baina, batelariak behar bezala erantzun zien biak zapuztuz.

Halere, haiek, bideagatik nekatuta ez zeudenez eta, halaber, ur hotzaz izozturik ez zeudenez, ez zuten emakumeak eragindako auzo lotsa onartu nahi izan eta indarrez hartzea erabaki zuten, edo, batelaria uko eginez gero, ibaira botako zutela deliberatu zuten. Neskak, berriz, haiek baino maltzurkeria eta azkartasun handiagoa zuenez, proposatu zien:

-Ez naiz uste duzuen bezain zakarra, baina, arren, bi gauza eskatuko dizkizuet, eta gero zuek nahi adina obeditu ditudala ikusiko duzue.

Bi fraideek San Frantziskoren alde zin egin zioten eskatzen zioten guztia emango ziotela nahi zutena lortzeko.

-Eskatzen dizuet -esan zien berak – inori ez diozula inoiz gure maitasun abenturarik aipatuko.

Haiek hitza eman zuten. Eta gero berak esan zien:

-Plazera banan-banan hartuko duzue, ni lotsatu egingo nintzateke biak batera ikusteaz. Erabaki, bada, bietatik zeinek izan nahi duen lehena.

Haiek ikusi zuten eskatutakoa oso bidezkoa zela eta gazteenak onartu zuen zaharrena lehenengoa izango zela. Horrela, uharte txiki batera hurbilduz, hark esan zion adin txikiagokoari:

-Abade txit ona, gera zaitez hemen otoitz eginez, gure lagunak beste uharte batera eraman nazan, eta itzultzean, goraipatzeko hitzak botatzen baditu, hemen geratuko da eta zuek biak elkarrekin egongo zarete.

Gazteak uhartera jauzi egin zuen, zaharra batelariarekin beste uharte batera alde eginda eta gero itzuleraren zain, baina, hara iristean, bere ontzia lehorreratuko balu bezala, hau esan zion fraideari:

-Lagun, joan zaitez eta ikusi lehenago non jarriko garen gurea egitera.

Abadea uhartera joan zen, leku egokiaren bila, baina hark lurrean ikusi bezain laster, batelaria zuhaitz baten kontra ostikoa emanez, txaluparekin urrundu zen ibaiaren barrura, eta bi fraide onak bi irla haietan utzi zituen, ahal zuen garrasi handiena egiten zien bitartean:

-Itxaron, jaunak, Jainkoaren aingeruak kontsolatzeko dauzkazue niregandik behintzat inolako kontsuelorik lortuko ez baituzue eta!

Abadeak belauniko jarri ziren urertzen ondoan, lotsarik ez emateko erregutuz, eta batelaria portura eramango zituela esaten bazuen ez zuen halakorik egiten baizik eta gero eta gehiago urruntzen zela murmuriatzen:

-Zoroa nintzateke, zuen eskuetatik ihes egin ondoren berriro amarru berean eroriko banintz, eta hirira sartu zenean, senarra eta magistratuak ikustera joan zen, Jainkoaren graziagatik bi otso arriskugarri atzaparretatik ihes egin zuela eta haiek harrapatzeko esan zien. Denak joan ziren haien bila, inor, ez txikia ez handia, harrapatu nahi ez zituenik geratu gabe.

Fraide gizagaixoak, hain segizio handia iristen ikusita, bakoitza bere uhartean ezkutatu zen, Adanek Jainkoaren aurrean biluzik ikusi zuenean bezala. Lotsaz beterik zeuden egindako bekatuagatik eta zigortuak izateko beldurragatik, erdi hilik baleude bezala dardarka zeuden. Hala ere, preso hartu zituzten, eta gizonek eta emakumeek haiekin barre egin eta zirikatzen zuten. Batzuk harrituta zeuden:

-Abade on hauek kastitatea iragartzen digute eta gero gure emakumeei kentzen diete.

Beste batzuek zioten:

-Kanpotik zuritutako hilobiak dira, baina barrutik ustelduta daude.

Eta beste ahots batek garrasi egin zuen:

-Fruituengatik jakingo duzue zein zuhaitz mota diren.

Fariseuen aurkako idatzitako pasarte guztiak bi atxilo gizagaixoen aurka erabiliak izan ziren baina epaileak, bere nagusiaren eskaeraz, lagundu eta askatu egin zituen, elizakoei sekularrei baino zigor gogorragoak ezarriko zizkietela ziurtatuz, eta, denak asebetetzeko, fraideek esaten zuten mezak eta otoitzak egingo zituztela. Epaileak, beraz, nagusiaren eskaera onartu zuen eta atxilo eman zituen komentuko batzarrera non preso hartu zituenak, gizon zuzena baitzen, ibaia gehiago ez gurutzatzeko aitarena egin gabe eta Jainkoaren izena aipatu gabe agindu zien.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.