Sadeko Markesa borborrean dagoen sumendi barrura sartu da berriro
Hortik horniturik irten da
Bere esku ederrez litsez
Bere dontzeila begiez
Norberak bere bidea betiko arrazoiez
Bere bereko arrazoia
Ez dio agindu misteriotsurik emateari inoiz utzi
Gau moralean pitzadurak ireki dituztenak
Pitzaduratik ikusten ditut
Erabilitako azal zaharreko itzal kurruskariak
Desagertzen direnak
Zu maitatzen uzteko
Lehendabiziko gizona lehen emakume maite izan zuen modura
Erabateko askatasunaz
Sua gizon bilakatu den modura
Sade markesak Zuhaitz abstraktuez mendei erronka bota zien modura
Askatasun hura
Eta akrobata tragikoak
Desiraren ama birjinaren hariari helduak
( L´air de l´eau-1934)
André Breton kultur ekintzaileak Paul Valéry gaztetako adiskidearekin ideologia medio apurtu zuen. Poetekin izandako lehendabiziko apurketa izan zen, ez poesiarekin baina. Apollinairen itzalean jarraitu zuen literaturaren liluran barna “Literatura” aldizkaria erditu arte. Dadaismo uretatik harago, amarrak hautsi, eta “Iraultza surrealista” berripapera sortzen lagundu zuen haren erabateko ardura hartuz laugarren aletik aintzin. Gero eta iraultzaileago bihurturik “Minotauro” aldizkarian parte hartu zuen eta garai hartan argitaratu zuen ( L´air de l´eau).Ordutik aurrera, hala Diego Riverarekin nola Leon Trotskirekin batera, “Arte iraultzaile independentearen nazioarteko federazioa”ri bizia eman zioten. Nazien okupaziotik ihes egin ondoren berak maite zuen Pariseko Place Blanche ohiko kafetegira eta Rue Fontaineko etxebitzara itzuli zen hil arte. Etxetik etxerako bidea, mundu gainetik barna. Sorginkeria.