Egunen gurpilean bizi gara. Egunerokoak markatzen gaitu bizitza agenda arazo bihurtzeraino. Egunkariak izan dira orain arte bizitza haien kronikariak. Literaturan, berriz, egunerokoak ezagutu ditugu baita dietario egileak ere. Prentsan, berriz, kazetarien idazkuntzak eman nahi izan dio horri tokia mota ezberdinetako hemeroteketan.
Hala eta guztiz ere, literatura izateko blogari falta zaiona hizkuntzaren ardura litzateke soilik. Egia esanda, ez dakit liburu honi zer-nolako izendapena eman. Ez dakit arra edo emea izango ote den hemen eskeini nahi dudan testu sorta. Ez dakit zer genero literarioaz bataiatu. Bistan da ohiko kazetaritza ez dela ez eta saiakera puri-purian ere. Aski kontrajarriak dira kronologikoki hurrenkeran azaltzen diren testuak. Askotan aipamen literarioez lagunduta, besteetan labur eta zuzenak, gehienetan eztabaidarako idatziak eta beti egunen gurpilean izkiriaturik. Testuok eta liburua zer ote diren erabakitzea zuri dagokizu, irakurle hori.