“Filosofiako Gida. Filosofian aritzeko oinarriak”

( UEU. 2004)

Euskal gogamenaz aritzerakoan burura datorkigun lehenengo galdera, zaharra bezain oinarrizkoa da: zer da euskal pentsamendua? Galdera bera mahairatu izan da euskal literaturaz, musikaz edo zinemaz gogoeta egin nahi izan den bakoitzean. Hau da, egilearen jatorriak gehiago markatzen al du ekoizpena erabilitako hizkuntzak baino? Ba al da, ordea, euskal estiloren bat, nolabaiteko estetika berezia egileaz edo hizkuntzaz gain euskal artea, filosofiaedo dantza definitzeko funtsezkoa dena? Artea, gogamena, literatura edota zinema euskaldun gisa mugatzeko eta xedatzeko, nork eta nola egiten duen baino garrantzitsuagoa ote da non ekoizten den kontuan hartzea? Argi eta garbi esateko: Euskal Herrian sortutakoak egiten duena soilik joko al dugu euskal pentsamendutzat? Alegia, Marko Fabio Kintiliano,

Marko Aurelio Prudentzio, Gonzalo de Berceo, Lopez Aiarakoa, Inazio Loiolakoa, Saint Cyrango abadea, Roland Barthes, edota, adibidez, Fernando Savater euskal pentsalariak al dira? Egia da Garcia Bacca Irunean jaio zela eta Savater Donostian. Maila bereko egia dugu Roland Barthes Ahurtin zendu zela, baina azken horrentzat Euskal Herria Frantziako hego-mendebaldea zen bezala (“Ahurti frantses herri baten paradigma da. Funtsezko organoak biltzen dituen plaza bat da: okina, ostatua, eliza eta herriko etxea. Eskualde honetara nire sentsazioen bitartez sartzen naiz… herri honetan aroa antierrepublikanoa ote?”), Baccaren filosofia guztiz espainola izan zen (1945ean argitaraturiko Filosofia en metáforas, parábolas liburuko bigarren zatian, “Filosofar en español”, filosofatzeko espainiar eraberezia badagoela aldarrikatu zuen). Fito Rodriguez.

Liburua dohainik deskarga dezakezu:
https://www.buruxkak.eus/liburua/filosofiako-gida-filosofian-aritzeko-oinarriak-gida-bibliografiko-eta-metodologikoa/182