Magrittek ez omen zuen pipatzen irakurriz hartu dudan pozaren handia kontrastez nabarmentzeko ez balira. Poza, irakasle, artikulugile eta politikaria genuena gogokoen duen diziplinan ageri zaigulako idazle: filosofo baten lana dugu hau, bai, baina aldian poeta da eta aldian kontalari, beti hitzaren maitale genero berri batean; eta handia, filosofiarekiko neukan mikaztasuna kendu didalako, hein batean bederen: Fito Rodriguezen lehen liburu honek erakutsi dit —barka ezak Fito, egilea idazle ageri ez den liburua ez duk liburu idazleontzat— filosofia ez dela Magrittek erretzen ez omen zuen pipa horren ke inposibleari buruzko jarduna.
Zorrotz dihardu egileak egunero pipatzen ditugun gezurrez, jakinduriaz hausten du gezurraren azala, umorez erakusten digu azalaren azpiko azala.
Honenbestez esana dago biziki gomendatzen diedala liburu honen irakurketa mota guztietako irakurleei, baita ni bezala filosofia ulertezina egiten zaienei ere. Are gehiago, halakoei gomendatuko nieke bereziki. Liburu honek filosofia desfilosofatzen irakasten baitu. Filosofatzen, alegia. Baita hitz grekoren bat ageri duenean ere. (Koldo Izagirre)