Izenik gabeko Donostia

Orain, pandemiak agerian utzi duenez, Donostia ilusioz betetako hilerria da, eta laster sarraskijaleak eta ergelak besterik ez dira geratuko, kalez-kale, bertan bizitzen.

Beren garaiko gatazkarik antzezteko indarrik ez duten hiriak baztertuta geratu dira, eta Donostiak munduan koka zitzaketen arazo guztiak hutsaldu ditu. Donostiaren etorkizuna Madril da, New Yorken etorkizuna Beijing izango den bezala.

Hazi eta garatu ahal izateko, bertuteek inspirazio-agertoki bat behar dute, gezurrak jota ez dagoena. Itxaropenak jendearen ametsak lotzeari uzten dionean, ahulezia pertsonalak termita-izurrite gisa agertzen dira. Horrela erori dira zibilizazio guztiak.

Gaur egun, Donostian, ezin duzu izan beste garai batzuetako parodia ustela ez den elkarrizketarik.

Hirietan bizi den jendea koldarra bihurtzen denean eta aberatsei eta atzerritarrei atsegin ematea besterik ez duenean buruan jai dugu. Donostia Euskal Herriak erreskatatu du beti, eta ez dut ikusten zergatik oraingoan beste modu batera joan beharko lukeen.

Donostia pixkanaka-pixkanaka zinismo morbidoaren eskola ari da bihurtzen, eta, beste garai ilun batzuetan gertatu den modura, xarmak eta egunsentiak markatuta, hiri bat baino gehiago erakusleiho bat dirudi.

Txillardegik idatzi bezala: “Eta Muntto eta Untzaene utzi nituen atzean, han gainean, Aieteko partean, eta Txantxerrekatik behera jaitsi, eta Caviedes eta Errege-Jauregiaren arteko bidexka ilun bustia hartu eta atzera begiratu nuen. Eta zauskada latz batek inarrosi ninduen bortizki

Eta Errege-Jauregiaren etxe, eta etxetxo, eta ukuilu, eta batimendu gorri desberdinak oro zuhaizpearen trinkoan eta beltzean ene aurrean bertan ezabatzen zirelarik, Txantxerrekako bidexka ezkutua begiratu nuen azkeneko aldiz: beltz, mehar, beldurgarri. Eta betirako debekaturik zegokidala konprenitu”

Lasalako Lehoia tokiz aldatu zuten. Txillardegi Enparantza Gaskuña Plaza izendatu zuten Antiguan.

Ez dago Donostian Txillardegiren eta Enparantzatarren arrastorik egun, ezta Harrizbikietaren edota Igararena ere.

Tokiko izenak izan arren ez dira gizaki izen gisa inon azaltzen Maria Cristinaren izen gisakoak ez direlako.

Gladys parkea, demagun, ez omen da existitzen baina gizakia ez da ezer, kosmosaren aurrean bakarrik baitago, hutsik dago, ez du izenik berea izandako espazioan, besteen sentimenduan besterik.

Espazioa irreala bihurtu dute baina existentziaren kontzepzio jakin bat sostengatzen du.

Haizeaz bestaldetik. Mugagabe eta mugatuaren arteko dialektikan borrokan.

Donostian Gabriel Aresti kalea dago, Arestik kalerik ez zuela onartuko idatzi bazuen ere.

Idazkera narratiboaren apokalipsian bizi gara

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.