Blogak eta literatura 2020an

Blogak autoikasketa, pentsatzeko idatzi beharra eskatzen duela aitortzen dut, ikuspuntua seinalatu eta horizontea sakondu beharra irakurleak bereganatu eta eztabaida probokatzeko.
Argi pentsatzeko gaitasuna, konklusioetara iristeko indarra eta publikoki aurkezteko kuraia beharrezkoak dira, ideologiaz blai idaztea nahiz  eta itsuki alderdikoia izatea ere alboratu beharra dagoen.
Liburu literarioak, berriz, ez dira kontakizun hotz eta orekatuak eta, Baudelairek zioen gisara, ez dago helburu moralista edo filosofikoei erantzuten dien kritika arrastorik egongo literaturan. Aitzitik, liburu  literarioak jostakinak, poetikoak, sentikorrak eta sentsibilitateen bultzatzailea direla uste dut. Modu arin, bizkor, aspertzeko ez beste edozertarako prest dagoenaren jarreraz idatzitakoak behar dira.
Aldiz, “ irakurlerik gabe, ez dago blogik”, bloga ez baita ikerketa, ez hedakuntza, ez monografia, ezta testu didaktikoa ere; edozein kezka gaitzat hartzen baitu, eguneroko kontuetan oinarritzen baita; blogak “dena saiatu, haztatu, probatu egiten du”. Halaber, bloga digresioa da: a priori nora doazen ez dakiten gogoetak, hausnarketa egiteko idatzia, eta ez da batbatekoa, “diferitua” baizik, baina berezkotasuna dario; ez duela barne koherentziaren beharrik, ezta datu zehatzik ere; idazkiaren bidez sedukzioa baita bere portaera.
Askotan aipamen literarioz lagunduta, beste batzuetan labur eta zuzenak, gehienetan eztabaidarako idatziak eta beti egunen gurpilean izkiriatuak.
Bere liburu famatu batean (El impostor, 2014), Javier Cercasek “memoria historikoa” salatu zuen. Ez, bere ustez, haren erabilera maltzurra, kontzeptua bera baizik. Hau da, historia eta memoria nahastu nahi izatea. Historia ikerketa baita eta memoria, berriz, norberaren oroitzapenak soilik.
Horretaz gain, Cercasek dio, memoria kolektiboaz hitz egin nahi izateak aztoramena eta nahasmendua besterik ezin duela ekarri. Ez naiz ni uste horretakoa. Aitzitik, Historiak oroimena behar duela eta oroitzek ikerketaren beharra daukatela uste dut.
Duela 22 urte liburua izkiriatu zuen Michel Houellebecq idazle frantziarrak (Interventions, 1998), bere artikuluak bilduz. Argitalpen honek finkatuta utzi nahi zituen gogoeta nahiz erreferentziak, datuak nahiz metaforak, eta ez zuten berez ezer berririk ekartzen, berriak, egunerokotasunaz harago, idazgai bihurtzea baino. Saiakera eroa. Betiereko idazkera egunerokoari eskainiko liburua izan zen.
Prentsako artikuluek bat egin zuten literaturarekin, memoriak historiarekin bateginik dabilen moduan…blogak eta idazkera literarioaren antzera. Oraingo 2020ko madarikatu honetan eta duela 22 urte ere.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.