G. Lukácsen oroimen galdua

Ricardo Pigliak bere “Blanco nocturno” izeneko eleberrian (Anagrama, 2010) honakoa esaten digu:

“Krimen politikoari dagokionez, G. Lukács-ek, Dostoievskiri buruzko liburu baterako oharretan (1916), Bakunin aipatzen du hauxe adierazteko: Hilketa ez dago baimenduta, erru absolutu eta barkaezina da; ezinezkoa da, baina gauzatu egiten da.

Heroi tragikoa bezala, iraultzaileak gaizkiari aurre egin eta haren ondorioak onartzen ditu. Zalantzarik gabe hilketa ezin dela inola ere onartu dakien gizonak egindako krimena baino ez da morala.

Honela, Lukács-ek bereizi egiten ditu lehen etika —edo etika kantiarra—, hau da,  betebeharrak gizartearen berehalako beharren arabera mugatzen dituena, eta bigarren etika, transzendentzian oinarritua. Eta Lukács  Kierkegaarden “Temor y temblor” gogoratzen du, zera: Bizitzan harandikoitasunarekiko zuzeneko harremanak krimena, eromena eta zentzugabea dakartza.”

G. Lukács-ek dionaren arabera, beraz, hilketa politikoa morala eta etikoa da, berak definitzen duen “bigarren etika”ren ildotik baldin eta badoa, behintzat. Areago, esan bezala, balizko krimen guztien aldean, hilketa politikoa izan itekeen morala dei genezakeen bakarra.

Halaber, hurrengo parragrafoetan halaxe dio Pigliak:

“Heriotza nahita burutua izan ez bazen, ez zen hilketa izan. Beraz, erabakia eta arrazoia behar dira hilketa izateko. Ez bakarrik kausa bat, motibazio bat baizik… Horregatik, krimen purua urria da. Motibaziorik ez badu, enigmatikoa da: hilotza daukagu, susmagarriak ditugu, baina ez dugu arrazoirik. Edo kausa ez badator bat exekuzioarekin jai dago”

Kausa harandikoitasunarekin lotuz gero, hau da, gizarte hobe baten alde eta gehiengoaren sufrimenduak arintzeko bada, hilketa morala izango litzateke G. Lukács-ek azaldu zuen bigarren etikaren arabera.

Artea mundu errealaren kritika da Lukács-entzat, irudimenezko esperientziaren osotasunaren eta egunerokoaren arloaren arteko kontrastea. Idazleek osotasunaren ikuspegia izan behar dute. Artea, beraz, ezaguera berezia da. Historiak gure kontzientziaren oinarria jartzen du baina arteak esnatu egiten du kontzientzia hartzeko. Ikuskera hori lehen aldiz  “Eleberriaren teoria” idazlanean erabili zuen.

Lukács-ek metodo zientifikoaren eta metodo dialektikoaren artean ezartzen duen desberdintasunaren abiapuntua zera da: errealitate objektiboa bakarra dela, baina gizakiek bi modutara iker ditzakete: zientziaren bidez, errealitatearen irudi kontzeptual bat lortzeko, eta artea dela medio, irudimenaren eta sentsibilitatearen bitartekoa irudikatzeko. Erreflexu zientifikoak gizakia bere errealitate partikularretik urruntzen du; erreflexu estetikoak, berriz, hurbildu egiten du, eta, beraz, artea hurbilago agertzen da bizitzaren kontzientziatik zientzia baino.

Leninistek kritikatu zuten G. Lukács Rosa Luxenburgoarekin bat ibili zelako, Zinovievek errebisionista gisa salatu zuen, Alderdi Komunistaren II. kongresuan baztertua izan zen, boltxebikeek “proletargoaren diktaduraren aurka zegoela zioten eta Bertold Bretchek berak ez zuen onartzen Lukácsen estetikaren teoria.

Aldiz, G. Lukácsen alde ibili ziren Mann anaiak (Thomas eta Heinreich) Paul Ernst edota K. Mannheim…

Herri kontzientziaren identitate dialektikoaren eta abangoardia intelektualaren kontzientziaren alde egin zuen, baita gizarte-iraultza demokratikoaren alde ere.

Gaur ere debekaturik legoke haren oroitzapena, tamalez, dagoeneko zokoratu bezain errefusaturik izango ez balitz.

 

 

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.