Hiru puntu

 

Abiapuntua:

Apirilaren 2an, “Haur eta Gazte liburuaren nazioarteko eguna” izanik, Perugiako Santa Cecilia Auditorium delakoan (https://turismo.comune.perugia.it/poi/oratorio-di-santa-cecilia) gure “Kuoi” (Txalaparta 2021) haurraren abenturetan oinarritutako ikuskizuna taularatuko dute Irrimarra taldeak sortutako irudiak lagundurik.

Vietnam aldera egindako bidaian aurkitu nituen “Kuoi” izeneko haur gezurti, lapur eta bihurri horren berri hango ahozko istorio tradizionalaren bidez azaldurik eta, gustura handiz, gure literatura idatzira ekarri nuen.

Liburuak, berez, ekialdera eramaten gaitu fantasia mundu batera non, ohikoa denaren kontra, gezurrak direla medio istorioa txirikordatzen  doan.

Testuak, bada, egia, fikzioa, gezurra eta kontakizunak nahasten ditu irakurle edota entzulea txunditzeraino eta, horren arrastoan, usu izaten ez diren usain, paisaiak eta galdera berriak azaltzen dira. Haien artean, besteak beste, mendebaldean ohikoa den, eta Collodiren Pinotxoren eraginez, gezurrari buruzko heziketa ere kolokan jartzen da.

Batzuetan ahaztu egiten zaigu, bizitzan, oinarrizko gezur handia dela pentsatzea egia eta gezurra erraz bereiz daitezkeen gauzak direla, edo etikaren emaitza direla, baina egia eta gezurra gizarte-konbentzioen esparruan daude soilik; zera, “egia” esanda, bizi dugun gizartearen hizkuntza-arauen arabera onartutako metaforak dira erabiltzen ditugun egiak eta gezurrak. Ez dago egiatasun edo faltsutasunik esandakoan kokatzen den gizarte-konbentzio jakin batzuetatik kanpo, eta konbentzio horiek ezin dugu esan egiazkoak edo faltsuak diren, berez.

Carlo Collodi, 10 anai-arrebeengandik zaharrena, Lorenziniren izengoitia izan zen, amaren herriaren izenetik hartua. Ama zena sukaldari batekin ezkondutako jostuna izan zen ogibidez eta haren lehendabiziko semeak,  52 urte zituela, ekarri zuen mundura Pinotxo nobela italiar ezagunena, nahiz eta egilea bera ikasketetan ez zen nabarmendu eskolapioen ikastetxean. Eskola utzi egin zuen, baina ez zuen liburuekiko maitasuna galdu, eta oso gazte hasi zen lanean Florentziako Piatti liburu-dendan.

Idaztea gustatzen zitzaion eta aldizkarietan parte hartzen hasi zen. Horrez gain, egunkari satiriko bat sortu zuen nahiz eta Gobernuak laster itxi zion. Hamaika abentura eta gero, Carlo Lorenzini Sonzogno argitaletxera iritsi zen, Milanera. Florentziara itzuli zen 1860an Antzerki Zentsura Batzordean parte hartzeko. Felice Paggi editoreak bultzatuta, Perraulten fabula frantsesak itzultzen eta eskolako liburuak idazten hasi zen.

Itxuraz, Collodi gizon lasaia zen baina, berez, pertsonaia asaldatua eta kontraesankorra izaten zen, jokoa maite zuena eta kokoteraino zorrez betea. Eta, hain zuzen ere, zorrei aurre egiteko, bere idazkiak argitaratzen hasi zen, besteak beste, “Pinotxoren abenturak”. Kapituluz kapitulu argitaratzen abiatu zen 1881ean haurrentzako aldizkari batean eta, ondoren, 1883an, Paggi editoreak kaleratu zituen liburu bakar batean.

Eta, berehala, zurezko panpina jator eta bihurria, haren sudur erraldoiaz, maitasunez irabazi zuen mundu osoa eta irakurle bakoitzak bere erara interpretatu zuen. Horrela, jende gehienak jokatu ohi du hura bere interesetarako erabiltzen, haiek ekonomikoak, politikoak edota erlijiosoak izan.

Kontserbadoreek haur on gisa ikusten zuten; faxismoak komunismoaren aurka erabili zuen. SESBean, berriz, proletario bihurri bihurtu zuten. Estatu Batuetan, Pinotxo familia burges eta zoriontsu baten semea zen.

Italian, ia alderdi politiko guztiek erabili zuten publizitate politikorako, haien ideologiaren arabera sudurra moztuz. Eta Boloniako kardinalak ere ideia hau kaleratu zuen: Pinotxo “fedearen, heriotzaren eta patuaren profeziaren alegoria” da.

Pinotxori buruz soziologoek, artistek, zinema-zuzendariek, idazleek eta psikoanalistek hitz egin dute baina, Collodiren lana ezin da psikoanalisiaren ikuspegitik soilik aztertu, ez baita fabula bat, kontrafabula bat baizik.

Carlo Lorenzini zentsorea izan zen, baita liburu didaktikoen idazlea ere. Bere ekarpena, bada, heziketa moralaren arloan kokatu beharra dago.

Liburuen historiak eta liburuak kontrolpean mantentzeko ahaleginek ez digute eman behar komunikazioa arautzen duten politiketan zuzenean aplika dezakegun ondoriorik. Beste arrazoi batzuengatik du garrantzia honek. Zentsoreen lanean sartzean, legegileen pentsamoldea ikus daiteke; nola kalibratu zituzten Estatuak boterearen monopolioari egindako mehatxuak, eta nola saiatu ziren arrisku haien aurka egiten. Hitz inprimatuaren boterea gerra bezain mehatxagarria izan baitzitekeen. Nola ulertzen zuten hori Estatuko agenteek, eta nola zehaztu zuten beren pentsamenduek zentsuraren bilakaera?

Ezin gara idazle hildakoen buruetan sartu, ezta bizien buruetan ere, nahiz eta azken hauei elkarrizketa egin ahal izaten zaien literatura garaikidea dokumentatzeko. Hala ere, nahikoa dokumenturekin, pentsamendu- eta ekintza-ereduak hauteman ditzakegu literaturan. Oso gutxitan izaten ditugu artxibo egokiak, zentsura ezkutuan egin delako eta sekretuak ezkutuan egon direlako edo suntsitu egin direlako. Hala ere, nahikoa ebidentzia zabala izanda, azpian geraturiko kasuak eta inprimatutako hitza zaintzeaz arduratzen diren funtzionarioen ezkutuko jarduerak argitu ditzakegu. Orduan bakarrik ematen dizkigute arrastoak eta aztarnak artxiboek. Testuak berrikusi ahala jarrai diezaiekegu zentsoreei, askotan lerroz lerro, eta polizia horren aztarnen atzetik joan, liburu debekatuak edo testu ezkutuak arakatzen zituen bitartean, legearen eta legez kanpokoaren arteko mugak bereiziz. Muga horien mapa egin behar da, askotan ez baitziren lerro erabat zuzenak eta etengabeak aldatzen zirenak.

Baina, noizean behin, Collodiren kasuan bezala, zentsorea idazlea ere bada eta haren testuen bidez gizarterako, eta literaturarako noski, zer nolako kontakizun eredu proposatzen digute jakiterik ere egon badago.

 

Jopuntua:

 

Pinotxoren arotz fabrikatzaileak haur bat bezala moldatu nahi izan zuen panpina besterik ez zena pertsona heldua eta hezia izan zedin baina, bere erabateko inplikaziorekin batera, berarentzat “aita” bihurtu baitzen, nortasunik gabeko munstro txiki bezain penagarria bat sortu zuen, ezinbestean gezurra erabili behar izan zuena.

Geppetto zurgin-aita, beraz, hezitzaile txarra da, ez baitzen gai izan Pinotxo bera izaten uzteko, bere lagunak izaten eta bere nortasuna sortzen. Pinotxok, aldiz, gezurra erabiliko du bere inguru erantzukizunetatik eta aitaren manipulaziotik ihes egiteko eta, aipatu kontakizunak, salatu egiten du hark erabilitako gezur lotsagarriek haren sudurra nabarmen luzatu eta handitu egiten zuela.

Philippe Meurieuk “Frankenstein pédagogue” liburuan (2004) atal osoa eskaini zion Pinotxori ipuinaren hezkuntza balioaz hausnartzeko eta, bide batez, testuan zabaltzen den gezurraren deitoratze morala agerian uzteko.

Denek dakite Pinotxoren sudurra hazi egiten dela gezurretan ari den aldiro. Baina, horrekin lotuta, bada hain ezaguna ez den zerbait: gezurrengatik hazten den sudurraz gain hankak ere laburtzen zaizkiola, alegia. Collodik argi utzi zigun zein txarra den gezurra esatea. Baina argi dago gezur-mota baten eta ondoriozko manifestazio fisiko baten arteko lotura zigor fisikoa dela. Beraz, gezurraren erabilera baztertzeko hezi behar dago, haurren soina lekuko.

“Kuoi”ren testuan, ordea, gezurra dibertigarri bezain erabilgarria suertatzen zaio haurrari. Kuoi umezurtza da eta haren osabaren etxean bizitzeko behartuta dago. Bertan zapalduta dagoenez hango dirua lapurtzen du eta mutikoa engainatu nahi dituztenak (zalduna edo erregea izanik ere) engainatzen ditu berak. Boteretsuei boterea kentzen die (zaldia zaldunari eta koroa erregeari) gezurra arma duela eta, azkenik, bera bihurtzen da boteretsuena gezurraren indarrari esker.

Gezurrak ospe txarra duela ez dago dudarik eta, ondorioz, uste ohi da benetakoa dena ezkutatzeko eta komunikazioa desitxuratzeko erabiltzen dela, hau da, gezurra gertaera baten izaera ezagutzeko aukera bertan behera uzten duenaren sentimendua zabalduta dago.

Hala, gezurretan harrapatutako politikariarentzat zigorra eskatzen da, gezurrak gizarte-lotura eratzen duen fede onaren arau-haustetzat hartu ohi delako eta haren aurkikuntzatik, berriz, jarrera garbitzaileak eratortzen dira engainuaren arrazoiak agerian uzteko.

Politikari gezurtiak hautesleen artean sortutako erreakzioaren aurrean, bere alderdiak gardentasun handiagoa eskaini ohi du jarrera hura ere gezurrezkoa izan arren.

Kuoiren ipuinean fantasiaren eta errealitatearen arteko eten literarioak funtzionatzen du, ordea. Istorioa entzuten duen haurrak jakin badaki elefanteek ezin dutela hegan egin baina, aldiz, errealitatean boteretsuen amarruak gainditu daitezkeela uler dezake.

Begi bistakoa da Perraultek ahozko tradiziotik hartu zuela materiala bere ipuinak osatzeko (iturria semearen haurtzaina izango zen ziur asko). Baina hark jatorrizkoa ipuinak ukitu egin zituen, garaiko gustuetara egokitzeko (Contes de ma mère l’oye, 1697). Horregatik, Grimm anaiengana iritsi ziren ipuinek beren izaera literarioa eta frantses izaera bazituzten eduki. Horregatik, bide hori zela medio, “Txano gorritxo” Alemaniako literatura-tradizioan sartu zen, eta geroago ingelesean, inork jatorri frantsesa aurkitu gabe. Bere izaera nabarmen aldatu zen Frantziako nekazari-girotik Perraulten haur-girora pasa eta inprimatu zenean eta, bide batez, Rhin ibaia zeharkatu eta berriro ahozko tradiziora itzuli zenean.

Folkloristek Herodotorengan eta Homerorengan ere errekonozitu dituzte beren tokian tokiko ipuinak, antzinako Egiptoko papiroetan eta Kaldeako harrizko oholtxoetan. Mundu osoan erregistratu dituzte, Eskandinavian eta Afrikan, Asiako indiarren artean eta Amerikako indiarren artean ere bai. Sakabanaketa hain da harrigarria ezen ikertzaile batzuek uste izan baitute badela mito, kondaira eta ipuin unibertsalen oinarrizko errepertorioa. Joera hori Jungen eta Lévi-Straussen teorietan oinarritzen da, baina ez dio laguntzen pentsamoldeen eta kulturaren historian sartzen saiatzen denari.

Edozein modutan ere Vietnamgo ahozko istorio batek Italiako haur ipuin baten adina balio duelakoan nago edukietan guztiz baliokideak ez izan arren.

 

 

Etendura puntuak:

 

Gavin Turk artistak “Oscar” izeneko eskultura egin zuen, zeinean gizon bati sudurra luzatzen zaion eskopeta baten kanionaren itxura hartuz. Britainia Handiko artista gazteen talde probokatzaileen kide da Gavin Turk, eta Marcel Duchamp eta Andy Warholen legatuak ohoratzen ditu autoretzari, benetakotasunari eta identitateari buruzko multimedia-ikerketen bidez. Bere argazki, eskultura, instalazio eta bideoetan, artistak artearen kanon historikoaren forma eta motibo ezagunak berrerabiltzen ditu. Turkek “maisulanaren”, “egiletzaren” eta artelanen santutasunaren ideiak berraztertuko ditu eta, horretarako, goian adierazitako “Oscar” honetan Rene Magrittek margotutako “Etendura puntuak” irudia bertsionatzen digu haren aipamenik egin gabe.

Gizaki baten sudur luzea arma bihurtzen denean gezurra ere arma dela esan nahi zigun Magrittek. Areago, armak tartean daudelarik, egia egon daitekeenik ere zalantzagarri bihurtzen dela. Gerratetan, kasu.

 

 

 

 

 

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.