Entsegu literarioaren alde

Mon goût de la citation, que j´ai toujours gardé, pourquoi me le reprocher? Les gens, dans la vie, citent ce qui leur plaît. Nous avons donc le droit de citer ce qui nous plaît.”1

(Jean-Luc Godard )

Ohiko ez zen zinemari “Arte eta saiakerazkoa” (de arte y ensayo…) deitzen zitzaion nire gazte‑garaian. Hala zen guretzat egitura narratibo klasikoaren ardatzak apurtzen zituen proposamen kultural hura.

Film haietan ez zen inongo kronologiaren araberako jarraipenik, ez eta garapen logikorik, dena logika arruntaz haragoko asoziazio‑ eta kontzientzia­‑birmoldaketa bitxietan oinarritzen zen. Mota horretako filmak egiten zituzten Jean-Luc Godard‑ek, Eric Rhomer‑ek, Ingmar Bergman‑ek, David Lynch‑ek eta abarrek…, hau da, haiek ziren ikusmira ezberdinetatik eta ohiko kontaera aldatuz dena iradokizun bihurtzeko pelikulak egiten zituztenak, eta hura zen “Arte eta Saiakerazko zinea”.

Artea zela garbi zegoen, edo hobeto esanda, kontatzeko modu berriak (eta aski ulertezinak…) zirenez, hura Artea izango zela uste genuen, baina…zer zen saiakera, ordea?

Saiakera motek, hala literaturan nola zineman, antzeko ulermena, antzeko idazketa nahiz irakurketa behar zituztela ulertzen hasi ginen. Argumentuetatik kanpo, arrazoiaz harago beraz, esperientziak besterenganatzea, ikusbera zenari buruzko hausnarketa partekatua, gogoetaren literatura narratibo iradokitzailea, iragarpenaren adierazpena.

Horrela, saiakera‑mundua irakurtzeko nahiz izkiriatzeko literatura edota zinemaren genero izateaz gain, artea ere bazela jabetu ginen.

Dena den, orduan ikasten genituenen artean ez zegoen zinema eta, literaturaren ikasketetan, berriz, hain bitxia bezain interesgarria iruditzen zitzaigun saiakera hura ez zen aipatu ere egiten. Eta, zeharka edo…, agertzen zela, ikerketa gisa azalarazten ziguten. Saiakera, idazki eruditu eta zaila zelakoan, ez omen zen ikastetxeetako gazteentzat sortua, nonbait.

Literatura idazten saiatzen hasi nintzelarik, aldiz, artean zer idazten nuen ez nekiela, hura ez zela hedakuntzarako testurik ez eta ikerketa zurrunetik eratorritako idazkirik eta, literatura izanik, saiakera izango zela ohartzen hasi nintzen.

Saiakera‑egileak irakurtzen hasi nintzen, bada, idazkuntzarako eredu bila eta, entsegugileek, usadioz, beste literatura‑generoak ere jorratu arren, saiakeraren idazkeran beste baldintza batzuen pean lan egiten zutela konturatu nintzen. Hau da, saiakeragintzak berezko araudi ezkutua zuela ikusi nuenean, hura eskuratzen (eskolak eman ez zidana, hain zuzen ere…) ahaleginduko nintzela deliberatu nuen.

1 “Zergatik dudan gaitzespen‑aipuak erabiltzeko gustua? Jendeak, eguneroko bizitzan nahi duena aipatu ohi du, beraz, guk badugu, izan, nahi dugunean, aipuak erabiltzeko eskubidea ”.

Jean-Luc Godardek (1962), in “ Entretien avec Jean-Luc Godard”. Cahiers du cinéma. 138.

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.