Sudur handiak

2023ko Porrontxo jaiak datoz eta, Batzorde Antolatzaileak hala eskatuta, Pregoia idatzi nuen BAINA, zoritxarrez, azken bertsioa argitaratu beharrean, azken aurrekoa kaleratu da jaien egitaraua ezagutarazteko kaleratu den liburutxoan. Ez dago arazorik, ez baita zorotxarrez izan, sarearen zoriak eragindako beste alboko kalterik besterik ez. Hala eta guztiz ere, behin betiko bertsioa zertan zetzan baten batek jakin nahiko balu, hona hemen.

Jaietan zehar, bada ezbada ere, Zorte eta Sudur handiak denontzat.

Egiatar maiteok, Porrontxoak berriro badatoz,

beraz, jaiez jabetzeko ez utzi ezer biharkoz,

hartakoz,

ibil zaitezte gogoz eta emozioz,

edan lasai zerbezaz, ardoz edota konbinadoz

lagunen lagunago bihurtzeko apropos

alboan utzi lotsak eta inor ez eragoz

denontzako festak direlakoz.

Prestatu musikaz eta dantzak egos

bokatak eta kalimotxoak eros

denok pronto jatekoz

ez ibili erreparoz

dibertimenduari txaloz

izan denen jaien altaboz

onartu gabe ezer erasoz

ez inoiz ez aurtengoz.

Barreak direla medioz

bihotzetara pozak betoz

kaleko egiatar ororen lanen lepoz

eta barruan daudenen konpromisoz,

guztion desioz,

beteko gara ilusioz.

Eguneroko amorrazioz

jai epiko bihur airos

eta ajeak behingoz

pasatzeko motiboz

sar zaitezte giroz.

Dantzan ibili harroz

urtu dezan ohiko izotz.

Ireki dadin festen txotx

Egia piztu dezagun gure irrien hauspoz

Share: Facebook, Twitter

Leave a Comment:

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.